Gaztea

Elkarrizketa

Iseo: “Nire landare eta txakurrei egindako argazki bat sareetara igotzeak ez dio inori bizitza aldatuko”

Berezi Fernandez | EITB Media

Sare sozialen esklabotzaz, ikusgarritasuna duten profilek proiektatzen dituzten balioez, anonimotasunaren argi-ilunez eta musikaren industriaz aritu da artista nafarra EITB Mediarekin.

  • Iseo

    Iseo. Argazkia: @mellamoiseo

"Sare sozialak ilusio bat dira, ez da errealitatea, ez dira garrantzitsuak" mantrari eutsi dio Iseo artista nafarrak azkenaldian, eduki digitalen kontsumo masiboak eragiten dion ezinegona baretzeko.

Instagramen edertasun eta diskurtso filtrorik gabe agertzeko hautua aspaldi egina duen arren, garbi ikusten du Interneten erakusten duguna "fikzio bat" dela, bizi ditugun errealitate frenetikoei geure burua erakusteko modu bat.

Emakumeen kasuan, genero estereotipoak eta edertasun kanon normatiboak "modu zuzenean" jasotzeko tresna dira. Mugikorra gure gorputzaren apendize bihurtu den aldetik, horiek jasotzeko modua "inbaditzaileagoa" eta etengabea da.

Musikaren munduan hasi zenean iritzi negatiboek beregan zuten pisua sumatzen hasi zen arren, laster aurkitu zuen zama arintzeko modua: "Oso barneratuta daukat jarraitzen nauen jendeak ez nauela ezagutzen, normala dela egiten dudana batzuen gustukoa izatea eta beste batzuena ez. Nik, adibidez, Nathy Peluso jarraitzen dut, baina ez dut inoiz pentsatu ezagutzen dudala. Sare sozialek ilusio hori sortzera bultzatzen gaituzte, jarraitzen dugun jendea lagunak direla pentsarazten gaituzte".

Jasotzen dugunaz gain, ikusgarritasuna duten emakumeek erakusten dutenaren inguruan ere luze eta zabal hausnartu izan du Iseok. Pentsatu bai, baina "espontaneotasuna galdu gabe". "Musikariontzat oso garrantzitsuak dira sare sozialak, gure lanean ezinbesteko bihurtu dira", azaldu du artistak. Duten pisua ukatzea zentzugabea den arren, artifiziorik gabeko eszenaratzearen aldekoa da Iseo.

Hala ere, urteen poderioz, errezel bat jarri du bere buruaren eta sareetan jasotzen dituen iritzien artean; euste-horma bat, babesteko. Etengabe errepikatzen dio bere buruari: "Hemen (sare sozialetan) gertatzen dena gezurra da, ilusio bat da".

Muga psikologikoez gain, fisikoki ere distantzia hartzea erabaki du Iseok. "Duela hilabete batzuk asteburuetan sare sozialak ez erabiltzea erabaki nuen: ostiral gauean utzi eta astelehen goizera arte ez naiz sartzen, desintoxikazio moduko bat da. Azkenaldian hartutako erabakirik positiboenetarikoa izan da, eta gomendatzen dut, dudarik gabe".

Nola lortu, baina, egungo gazteek berezko dugun adikzio honi aurre egitea? Sarri gertatu ohi den bezala, Iseok krisialdi baten ondotik egindako hausnarketan aurkitu zuen erantzuna. "Duela urte eta erdi krak egin nuen, egun guztia sareetan pasatzen nuela ikusi nuen, ezin nuela deskonektatu eta ezin nuela hainbeste zarata jasan". Hala, mugikorra alde batera utzi, eta hilabete eta erdi egon zen aplikazio hauetan sartu gabe.

"Duela urte eta erdi krak egin nuen, egun guztia sareetan pasatzen nuela ikusi nuen, ezin nuela deskonektatu eta ezin nuela hainbeste zarata jasan"

Bueltatu zenean, aurretik zuen susmoa egiaztatu zuen: ez zen ezer gertatu. "Sartu eta betiko profilen betiko istorioak ikusi nituen, ez zen ezer aldatu, denak berdin jarraitzen zuen. Eta, orduan, pentsamendu horri buelta eman eta neure buruari esan nion nirekin berdina gertatzen dela. Ez da ezer gertatzen hilabetean ez badut ezer publikatzen, ez zaio inori inporta. Nire txakurrei eta landareei egindako argazki batek ez dio inori bizitza aldatuko", erantsi du Iseok.

Musikaren industria eta produkzio sistema basatiak

Bere bakarkako proiektuan zein Iseo & Dodosounden jardunean sareak ezinbesteko jotzen ditu. Hala ere, industriak hartu duen erritmo "hipertoxikoa" geldiarazteko beharra sentitu du. "Dinamika hauek hautsi egin behar dira, ezin dugu erritmo hauetan bizi", azaldu du.

Iseo & Dodosounden hirugarren diskoaren sorkuntzan, sareetan "isilik" egotea kontzienteki egindako hautua izan da. "Instagramen sartu eta hamabost egunik behin single, disko, kontzertu berriak iragartzen direla ikusten dugu, etenik gabe. Zerbait atera, egunetara zahar gelditu, eta beste gauza berri batekin agertzeko presioa dago. Guk hirugarren diskoa grabatu berri dugu, eta laster publikatuko dugu. Prozesu luzea izan da, eta gai honen inguruan asko hitz egin dugu; egin dugun disko hau ezin da bi hilabetetan egin, ezinezkoa da. Prozesuak iraun bitartean, sareetan nahiko isilik egon gara, sortzen, eta nahita hartutako erabaki bat izan da".

Ahizpatasun sareak

Iseorentzat, sareek emandako guztia ez da arrotza eta bortitza izan, ezta gutxiago ere. Bere inguruan komunitate eder bat sortu duen uste osoa du artistak: "Bidaian nagoenean, jatetxeen gomendioak, liburuenak, ezagutzeko tokienak eskatzen ditut, eta asko gustatzen zait harreman hori izatea". Gomendioak partekatzeaz gain, espero gabeko esker on eta maitasun mezuak jasotzen ditu. Eta, horietan, jarraitzaile eta jarraituaren arteko euste-horma botatzen du, "negar malkotan" eta eskertuta, Instagramen gertatzen dena bizitza ez den arren "bihotz hunkigarria" duelako.

Musikariaren ustez, beste emakume batzuen lana ezagutzeko erakusleihoa ere badira sare sozialak. Azkenaldian jarraitzen dituenen inguruan galdetuta, hainbat aipatu ditu. Feminismoaren gaiari umoretik heltzen dion Helena Sotoca (@femme.sapiens), Thais Varela (@azulclaritocasiblanco) argazkilaria, Noemi Casquet (@mamacasquet) sexualitatean espezializatutako kazetaria eta Lyona Ivanova (@lyona_ivanova) eta Maria Hesse (@mariahesse) ilustratzaileak. Musikarien artean, IZARO (@izaroandres) eta Zahararen (@zaharapop) diskurtsoak interesatzen zaizkio.