Itxi

Futbola

ARRAZAKERIA

Apelazio Batzordeak bertan behera utzi du Atleticoren zelaiaren itxiera

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Era berean, baliogabetu egin du talde koltxoneroari ezarritako 20.000 euroko zigorra, Madrilgo taldeak eta Athleticek 33. jardunaldian jokatu zuten neurketan Nico Williamsen aurka zuzendutako irain arrazisten harira jasotakoa, hain zuzen ere.

  • Nico Williams, Atletico Madrilen aurkako neurketan.

    Nico Williams, Atletico Madrilen aurkako neurketan. Argazkia: EFE

Espainiako Futbol Federazioaren Apelazio Batzordeak onartu egin du Atletico Madrilen errekurtsoa, eta bertan behera utzi ditu Civitas Metropolitano futbol-zelaiaren itxiera partziala (bi partida) eta Diziplina Batzordeak apirilaren 30ean ezarritako 20.000 euroko isuna.

Aipatu bi zigorraren zioa Ligako 33. jardunaldian gertatu zen, Athletic Cluben aurkako partidan; izan ere, zale batek tximino soinuak igorri zituen animazio harmailetatik Nico Williams Athleticeko jokalariari zuzenduta, neurketa horretako epailearen aktak jaso zuenez.

Atleticok gertakarian erantzukizunik ez zuela argudiatu zuen, bere esanetan eskatutako prebentzio-neurri guztiak hartu baitzituen. Horrez gain, kantuaren arduraduna estadioko kamerek aurkitu zutela, eta partidaren amaieran Polizia Nazionalak identifikatu eta zigortzeko proposatu zuela gaineratu zuen.

Apelazio batzordeak bere epaian adierazi duenez, klub antolatzaileari eska dakiokeen eginbidearen ikuspuntutik, Atletico Madrilek "ahalik eta arreta handieneko portaera egiaztatzen duten neurriak hartu ditu, prebentzioaren eta erreakzioaren ikuspuntutik, eta ezin da aurkitu gertakari horiek saihesteko (prebentzio-neurriak) edo horien larritasuna arintzeko (neurri erreaktiboak) har zitezkeen beste neurririk dagoenik".

"Ondorioz, antolatzaileak hartutako aurretiazko-neurriak eta gertakaria izan osteko neurriak kontuan hartuta, Batzorde honek ondorioztatu du Klubak ahalik eta zuzentasun handienarekin jardun zuela, eta, beraz, Diziplina Kodearen 15. artikuluan aurreikusitako erantzukizunetik salbuesteko kasua gertatu zela. Hala, taldeak aurkeztutako errekurtsoa onartu dugu, eta balio gabe geratu dira bai zelaia bi partidaz partzialki ixteko erabakia, bai 20.000 euroko isuna", gaineratu du.

Duela egun batzuk, Atletico Madrilek jakinarazi zuen kautelaz eta denbora-mugarik gabe eten duela gertakariaren egilea animazio-harmailetako kide izatetik, zehapen-organo eskudunetan bere kasua ebazten den bitartean.