Gizartea -

EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA

Espetxera bidali dute Donibane Lohizunen hilda aurkitu zuten emakumearen bikotekidea

Ipar Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta, manifestazio jendetsua egin zuten atzo Donibane Lohizunen, hilketa matxista salatzeko. Frantziako Justiziaren "arduragabekeria" salatu eta "erantzunkizunak" eskatu zituzten.

Donibane Lohizunen atzo egindako manifestazioa. Irudia: EITB Media
Donibane Lohizunen atzo egindako manifestazioa
Donibane Lohizunen atzo egindako manifestazioa. Irudia: EITB Media

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donibane Lohizuneko (Lapurdi) hotel batean, joan den ostiralean, hilda aurkitu zuten emakumearen bikotekidea espetxeratzeko agindua eman zuen atzo epaileak, deklarazioa hartu ostean. Orain arte zabaldutako informazioaren arabera, hilketa delitua leporatu diote 37 urteko gizonezkoari.

Indarkeria zantzu bortitzekin aurkitu zuten gorpua, hoteleko logela batean. Atzo egin zioten autopsia, eta horren emaitzen zain, Jerome Bourrier Baionako fiskalak aurreratu zuen hilketa "basatia" izan zela.

Hilketa matxista salatzeko, Ipar Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta, manifestazio jendetsua egin zuten atzo Donibane Lohizunen. Frantziako Justiziaren "arduragabekeria" salatu eta "erantzunkizunak" eskatu zituzten.

Manifestazio jendetsua egin dute Donibane Lohizunen, azken hilketa matxista salatzeko
Manifestazio jendetsua egin dute Donibane Lohizunen, azken hilketa matxista salatzeko
Manifestazio jendetsua egin dute Donibane Lohizunen, azken hilketa matxista salatzeko

0:39

Ikertzaileek uste dute "aurrez pentsatuta egindako hilketa" bat izan daitekeela Donibane Lohizunekoa. Kasu horietan, biziarteko espetxe zigorra aurreikusten du Frantziako legediak.

Duela bi aste, apirilaren 14an, Ziburuko hotel batean balkoitik "erori" eta larri zauritu zen emakumea da ostiralean hilik aurkitu zutena. Orduan ere, atxilotu zuten gizonezkoa,  eraso matxista leporatuta, baina aske utzi zuten, hipotesiari eusteko froga faltagatik.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Iparraldea berriak Gizartea albisteak Indarkeria matxista Albisteak Gaur Albisteak Lapurdi