Gizartea -

bide berdea

Arabako Aldundiak Nerbioiko parke lineala 1,8 kilometro luzatuko du, Urduña eta Delika artean

Gaur egun Laudioko eta Amurrioko herriguneak lotzen ditu parke linealak, oinezkoentzako eta bizikletentzako bide batekin. Foru gobernuak gaur onartu ditu azpiegitura berria atontzeko proiektua eta aurrekontua (985 607 euro).

Nerbioiko parke lineala, Laudio parean. Argazkia: Niko Berrocal
Nerbioiko parke lineala, Laudio parean.
Nerbioiko parke lineala, Laudio parean. Argazkia: Niko Berrocal

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nerbioiko parke lineala —Nerbioi ibaiaren paraleloan dihoan bide berdea— luzeagoa izango da aurki, eta Bizkaira helduko da. Izan ere, Urduña-Delika tartea gauzatzea onartu du gaur Arabako Foru Aldundiak, gobernu bileran. 

Foru gobernuak 985 600 euroko aurrekontua bideratuko du Urduña (Bizkaia) eta Delika (Amurrio, Araba) artean dauden 1,8 kilometroetan barrena lanak egiteko. Ibilbidean Nerbioi ibaia gurutzatzeko pasabide bat eraikiko dute. 

Zatiak nahiko orografia laua dauka, ibaiaren ibilgua zuzena baita,  duela hamarkada batzuk egindako ubideratzearen ondorioz. Aldundiaren esanetan, azpiegituraren helburua da "motorizatu gabeko mugikortasun jasangarria eta udalerrien arteko eta lurralde historikoen arteko konektibitatea sustatzea". 

Nerbioiko parke linealak 10 km baino gehiago ditu gaur egun, eta Laudioko eta Amurrioko herriguneak lotzen ditu. Araban gehien erabiltzen den bide berdeetako bat da —bestea antzinako vasco-navarro trenbidekoa da—. Iaz, 108.000 erabiltzailek (oinezko zein txirrindulari) baino gehiagok erabili zuten. 

Halaber,  Laudio-Arrankudiaga tarteari (125 metro) dagozkion obren proiektua eta kontratazioa ere onartu dituzte. 140.442,03 euroko aurrekontuarekin, bi hilabeteko epean egitea espero dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Amurrio Bizkaia Araba Laudio Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Urduña Ingurumena Bizikletak Arabako Foru Aldundia Aiarako kuadrilla