Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Urruzuno: "Bermeon akordio politiko bat dugu, eta horren arabera, Alkatetza EH Bilduri dagokio"

EH Bilduko eledunaren ustez, "logikak hori agintzen du, ez dut uste inor peskizan egon daitekeenik ez dagokion kargua hartzeko". Gipuzkoa ahotan ohartarazi duenez, "tripletea (EAJ, PSE, PP) artikulatzen bada galdu egingo dugu", eta salatu du EAJk "PP zuritu eta indartu" duela U23aren atarian.

Urruzuno, elkarrizketaren une batean. EITB Media
Urruzuno, elkarrizketaren une batean.
Urruzuno, elkarrizketaren une batean. EITB Media

play icon 27:14

E.G.| EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Unai Urruzuno EH Bilduko bozeramaileak ez du Bermeoko Alkatetza arriskuan ikusten, Asier Larrauri alkateak dimisioa eman ostean. Azken orduetan tirabirak sortu dira koalizio subiranista eta Larrauriren alde egin zuen Guzan plataforma independentearen artean, eta nork bere hautagaia defendatzen du alkate kargurako. Urruzunoren ustez, ordea, bi indarrek izenpetutako akordioari jarraikiz, EH Bilduri dagokio Alkatetza. "Logikak hori agintzen du, ez dut uste inor peskizan egon daitekeenik ez dagokion kargua hartzeko", azaldu du.

Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan eskainitako elkarrizketan nabarmendu duenez, EH Bilduk eta Guzanek "edukietan oinarritutako akordio politikoa" dute, eta horren arabera, hainbat ardura eta kargu banatzen dira. "Akordioa gauzatuz gero, Alkatetza EH Bilduri dagokio, lehen Alkateordetza Guzani eta bigarren Alkateordetza, EH Bilduri berriro. Ulertzen ez duenarentzat beste adibide bat jarriko dut: Iñigo Urkullu lehendakariak dimisioa emango balu, Lehendakaritza Idoia Mendiaren esku legoke? Ez, ezta?", esan du. 

M28ko hauteskundeen emaitzek utzitako testuinguru politikoa aztertu du segidan Urruzunok. Horren esanetan, EH Bildu da "lehen indar munizipalista", eta koalizioari "hainbat alkatetza kentzeko" EAJk erabili duen estrategia salatu du: "Akordioa edo aliantza du PPrekin. Orain arte nahikoa zuen PSE-EEren babesarekin, baina oraingoan hori ez da nahikoa izan, eta ekuaziora beste elementu bat sartu du: PP. Bere erresidualtasunetik atera du, eta utilidadea aitortu dio". Are gehiago, Eudelen Presidentetza eskuratzeko mugimendu gisa uler daitekeela uste du: "Gasteizen eta Durangon EH Bildu balego, gehiengoa izango luke EH Bilduk Eudelen". 

Gipuzkoako egoera hizpide hartuta, EH Bilduko eledunak azpimarratu du "triplete hori (EAJk, PSE-EEk eta PPk egindakoa) artikulatzen bada", Maddalen Iriartek "galdu egingo du" Foru Aldundia. Horren harira, Urruzunok honakoa salatu du: "Uztaileko hauteskundeen atarian, EAJk PP zuritzea eta indartzea lortu du". 

Azkenik, U23ko hauteskundeetan eskuinak irabaztekotan EH Bildu legez kanpo jotzeko balizko bulkadaz itaunduta Urruzunok esan duenez, "espainiar faxismoa edozertarako gai da", eta gaia "ahalik eta fribolitate gutxienarekin aztertu behar da", erantsi du. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bermeo Politika albisteak PNV-EAJ Gipuzkoa Alderdi politikoak EH Bildu Euskadiko PP berriak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Euskadi Irratia Vox Udal eta foru hauteskundeak 2023 María Chivite Euskadiko Udalen Elkartea albisteak