Politika -

Osoko bilkura

Gipuzkoako Batzar Nagusiak osatzeko osoko bilkura ostiral honetan egingo da

Osoko bilkura 10:00etan hasiko da, Adineko Mahaia eratuta. Batzarkide zaharrenak zuzenduko du, eta bi gazteenak presidenteordea eta idazkaria izango dira.

Gipuzkoako Batzar Nagusiak. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
Gipuzkoako Batzar Nagusiak. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
Gipuzkoako Batzar Nagusiak. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako Batzorde Iraunkorreko presidenteak ostiralerako deitu du Gipuzkoako Batzar Nagusiak eratzeko osoko bilkura. Araudiaren arabera, batzarkideen herenak aktak jasotzen dutenetik 15 eguneko epean osatu behar dira Batzar Nagusiak.

Osoko bilkura 10:00etan hasiko da, Adineko Mahaia eratuta. Batzarkide zaharrenak zuzenduko du, eta bi gazteenak presidenteordea eta idazkaria izango dira.

Idazkariak batzarkide guztiak deituko ditu, banan-banan, kredentzialak aurkezteko hurrenkeraren arabera. Hala, eserlekuetan esertzen joango dira, eta Adineko Mahaiak hasiera emango dio bilkurari. Une horretan, Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkatutako 51 batzarkideen behin betiko zerrenda irakurriko dute.

Jarraian, Adineko Mahaiak bilkura etengo du hamabost bat minutuz, taldeek Mahaiko kide izateko hautagaitzak aurkez ditzaten, eta bost kide horiek aukeratuko dituzte, isilpeko bozketaren bidez. Mahaiburua Batzar Nagusietako presidentea izango da, eta berarekin batera arituko dira bi presidenteorde eta bi idazkari.

Sede de Juntas Generales de Gipuzkoa. Foto: Diputación de Gipuzkoa

Bozketei dagokienez, lehenik eta behin, Mahaiko presidentea hautatuko dute. Gehiengo osoa (26 ordezkari) lortzen duen pertsona izendatuko dute presidente. Inork ez badu gehiengo osoa lortzen, bigarren bozketan boto gehien lortzen dituena izendatuko dute presidente. Berdinketa gertatuz gero, ordea, bozketa errepikatuko da, eta boto gehien lortzen dituena izendatuko dute.

Berdinketak jarraitzen badu, maiatzaren 28ko foru eta udal hauteskundeetan boto gehien lortu zituen alderdi edo koalizioko batzarkidea hautatuko dute, berdinketa lortu dutenen artean.

Presidenteordeak aldi berean aukeratuko dira. Boto gehien lortzen dituzten bi batzarkideak aukeratuko dira Lehen Presidenteordetza eta Bigarren Presidenteordetza betetzeko, hurrenez hurren. Ondoren, Presidentetzarako ezarritakoari jarraituz hautatuko dituzte idazkaritzak. Presidenteordeak eta idazkariak hautatzerakoan berdinketa gertatuz gero, Presidentetzarako ezarritakoaren arabera jokatuko da.

Bozketak amaituta, Adineko Mahaiak bere postua utziko dio Mahai hautetsiari, eta hautatutako presidenteak behin betiko eratutzat joko ditu XII. Legegintzaldiko Batzar Nagusiak, eta horren berri emango zaio jarduneko ahaldun nagusi Markel Olanori (EAJ). Ondoren, Batzar Nagusietako presidenteak hurrengo osoko bilkura deituko du. Ordubete geroago egingo da, eta puntu bakarra izango du: Bateraezintasunen Batzordea eratzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gipuzkoa Alderdi politikoak Hautagaiak Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Udal eta foru hauteskundeak 2023 Gipuzkoako Foru Aldundia