Politika -

NAFARROAKO PARLAMENTUAK

Frankisten bandoko biktimak Oroibidea datu-basean sartzeko UPN, Vox eta PP taldeen mozioa atzera bota dute

PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa taldeek kontra bozkatu dute. Denek esan du dute frankisten bandoko biktimek hasieratik izan zutela aitortza publikoa, eta beste aldeko biktimak direla ahanzturan geratu zirenak.

Nafarroako Parlamentua, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Nafarroako Parlamentua, artxiboko irudi batean.
Nafarroako Parlamentua, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Parlamentuak atzera bota du frankisten bandoko biktimen izen-abizenak Oroibidea datu-basean —1936ko gerrako eta frankismoko errepresioari buruzko Nafarroako Gobernuaren dokumentazio gunea— sartzeko UPNk, PPk eta Voxek aurkeztutako mozioa. Gainerako taldeen kontrako botoekin geratu da bertan behera eskaria.

Mozioaren defentsan Iñaki Iriarte UPNko bozeramaileak azaldu duenez, Oroibideak "sistematikoki baztertzen ditu Errepublikak kontrolatutako lurraldean errepresioa jasan zuten nafar guztiak". UPN errepresaliatuen datu base horrekin bat datorrela azpimarratu du, eta "memoria politika integratzaileagoak" eskatu ditu. "Frankismoa diktadura bat izan zen", aitortu du Iriartek, eta milaka pertsona gerrara joatera behartu zituzten, ideiekin bat egin ala ez.

PPNk eta Voxek ekimena babestu dute. Talde ultraeskuindarretik, Maite Nosti bozeramaileak "errespetua" eskatu du bi aldeetako errepresaliatuentzat, eta 80 urte geroago "gorroto eta errebantxismo hori ahaztu beharko genukeela" gaineratu du.

Gainerakoak, aurka

Gainerako talde parlamentarioek mozioaren aurka bozkatu dute. Bere txandan, Inmaculada Jurio PSNko parlamentariak mozioaren asmoa "duintasunaren aurkako atentatua" dela esan du, eta "biktima bakoitzari beharrezkoa den espazio bereizia" ematearen alde agertu da.

EH Bildutik, Arantxa Izurdiagak zehaztu du Espainiako Gerra Zibilean "garaileak eta garaituak" izan zirela, eta lehenengoek "biktimak omendu" zituztela, monumentuak egin zizkietela eta Eliza Katolikoak horietako batzuk beatifikatu zituela. "Asimetria horrekin amaitzeko politika publikoak egin behar direla uste dugu. Tratamendua oso desberdina izan da, eta horregatik politika publikoekin jarraitu behar da ahanzturan egon diren biktimak aitortzeko".

Bestalde, Mikel Asiain Geroa Baiko bozeramaileak ohartarazi duenez, UPNren mozioak "tranpa du jatorrian, Oroibidea ez den zerbait bezala aurkezten duelako"; izan ere, "ez da Gerra Zibilaren eta Frankismoaren artxibo digitala, matxinatuen biktimen artxibo digitala baizik".

Zurekin Nafarroako Miguel Garridok ere argi eta garbi adierazi du administrazioek legeak egiten dituztela "erreparaziorik jaso ez duten biktimentzat". "Zergatik ez ditugu legeak egiten egunero jasaten dugun kale indarkeriaren biktimentzat? Inork ez duelako justifikatzen. Ez da legerik behar, denok ulertzen baitugu biktimak direla", gehitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika UPN Geroa Bai Nafarroa EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Nafarroako Parlamentua Frankismoa albisteak Memoria Historikoa Vox Nafarroako PP